Eduki nagusira joan

CAF-i esleitu diote Pariseko eskualdean 15 tren-tranbia unitateren hornikuntza Île-de-France Mobilités-entzat

Île-de-France Mobilitések 150 milioi eurotik gorako kontratua esleitu dio CAFi, T13 lineako 15 tren-tranbia (tren-tram) hornitzeko. Kontratuak, gainera, flotarako ordezko piezak eta tren gehiago hornitzeko aukera ere jasotzen ditu. Kontratu berri honek berretsi egiten du CAFek Frantziako merkatuarekiko duen konpromiso sendoa.

T13 linea Île-de-France eskualdeko garraio-sarearen parte da, eta RATP Cap Île-de-France enpresak, RATPren (Régie Autonome des Transports Parisiens) filialak, ustiatzen du. 2022an inauguratutako T13 lineak Pariseko Grand Contournement Ouest (GCO) eremuan eskaintzen du zerbitzua, eta egunero lotzen ditu Saint-Germain-en-Laye eta Saint-Cyr-l'École udalerriak, Yvelines departamenduan. Ibilbidean Mareil-Marly, L’Étang-la-Ville, Noisy-le-Roi, Bailly eta Versailles udalerriak ere zeharkatzen ditu. Lineak eskualdeko garraioaren interoperabilitatea errazten du, TER, RER eta autobus-lineekin konexioa baitu.

CAF Tranvía Montpellier.jpg

Eskaera berri honetan jasotako 15 tren-tranbiak T13 linearen zabalkuntzara bideratuko dira; izan ere, linearen ibilbidea Achères udalerriraino handituko dute. Honako hauek izango dira helburu nagusiak: bidaia-denborak gutxitzea, puntako orduetan 10 minutuko maiztasuna eskainiz; beste zerbitzu batzuekiko intermodalitatea hobetzea, hala nola RER A, RER E eta Transilien L lineekin; eta linea tren moderno eta fidagarriekin hornitzea, bidaiariei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko. 

CAFen URBOS tranbia-plataforman oinarrituta (horren eraginkortasuna egiaztatuta dago), proposatutako material gurpildunak zazpi modulu artikulatu izango ditu, bost bogieren gainean muntatuta. 42 metroko luzera eta 2,65 metroko zabalera izango dituzten unitateek guztira 256 bidaiarirentzako edukiera eskainiko dute: 86 eserleku eta zutik joateko 170 plaza. Gainera, unitateen % 75ean zoru baxua izango dute, mugikortasun urriko pertsonei sarbidea eta barruko mugikortasuna errazteko. Bidaiariek klimatizazio-sistema eta ateen gainean eta nasan kokatutako informazio dinamikoko pantailak ere izango dituzte.

Material gurpildun berria Île-de-France Mobilitésen nortasun bisualera eta diseinura egokituko da, gaur egungo flotarekin erabat integratuta egongo dela bermatzeko. Aurreikuspenen arabera, CAFek Bagnères-de-Bigorren (Frantziako Pirinio Garaiak eskualdean) duen lantegian fabrikatuko da.

CAF planta Bagneres de Bigorre.JPG

Kontratu berri hori CAFek urte honen hasieran SNCF Voyageursekin Régiolis plataformako eskualdeko 10 tren hornitzeko sinatutako kontratuari gehitu behar zaio (Akitania Berria eskualderako). Beste behin ere, horrek guztiak berretsi egin du Frantziako merkatuan mugikortasunaren alorrean dagoen produktu-sorta zabalenetako bat eskaintzeko CAFek duen gaitasuna: distantzia luzeko Intercités trenak, zero isuriko autobusak, aldiriko tranbiak, tranbiak eta metroak. Proiektu horien guztien bidez, CAFek Frantzian duen presentzia industriala eta komertziala indartu du, eta merkatu hori konpainiaren merkatu nagusietako bat bihurtu da.

CAF Tranvía Marsella.jpg
.